Zinebiren 47. edizioa hasi da jada
Jon Antolin Txarroalde - 22-11-2005 20:23:12 | Categoria: Zinearen unibertsoa
Zinebi-ren, Bilboko zine dokumental eta laburmetraien nazioarteko zinemaldia, 47. edizioahasi zen atzo Bizkaiko hiriburuaren Arriaga antzokian. Zinemaldia Izaskun Bilbaok (Eusko Legebiltzarreko lehendakaria) eta Jon Santxezek (Bilboko Udalako kultur zinegotzia) aurkeztu zuten. Aurtengo edizioan 2.570 lan baino gehiago aurkeztu egin dira; horietatik, soilik 90ek lortu dute lehiaketan sartzea. Parte hartzeari dagokionez, Estatu Espainoletik 320 lan heldu dira eta Euskaditik 40.Epaimahaia, ohiko denez, zinema munduan aritzen diren pertsonek osatzen dute: Jean-Pierre Rhem (Frantzia), Mia Engberg (Suetzia), Pavel Giroud (Kuba), Jaime Rosales (Espainia) eta Alexander J. Seiler (Alemania).
Urte asko daramatzat Zinebi zinemaldira joaten eta niretzat urteko gertkizun garrantzitsuenetariko bat da. Beti ere, nire betiko laguna dena Beñat Bustamante eta Luisma Egiraun gidoilariari esker. Luismak beti aste osorako gonbidapenak bidaltzen dizkio Beñat Bustamanteri eta, horri esker, nik ere zine independiente ederraz goza dezaket.
Atzo, beraz, irrikitan joan ginen Beñat eta biok Arriaga antzokira. 20:00etan hasi zen aurkezpena. Gero, laburmetraiak ikusteko unea iritsi zen. Lehiaketan parte hartzen zuten lan euskaldunak ikusi genituen atzo eta orain modu laburrean komentatuko ditut:
Lehenengo lana Vitoria en fiestas izan zen. Ramon Biadiuk grabatutako dokumental laburra dugu hau, 1945. urtekoa hain zuzen ere. Joan den urtean bezala, hasierako laburmetraia Euskal Filmotekaren eskutik izan zen. Nahiko barregarria izan zen garaiko jendeak jaiak nola ospatzen zituen ikustea.
La gallina ciega (Isabel Herguera) izan zen ikusi genuen bigarren zinta. Animaziozko laburmetraia izan zen, 7 minutukoa. Nahiko orijinala eta surrealista izan zen. Marrazkiak ere irudimen handikoak eta perspektibarekin asko jokatzen zuten.
El Gran Zambinirekin gaueko lehen fikzio laburra ikusi genuen. Igor Legarreta eta Emilio Perezek aurkeztutako istorioan behera egindako zirkuko ipotx baten esfortzuak bere semearen errespetua irabazteko kontatzen dira. Oso orijinala, batez ere elkarrizketarik ez dagoelako; beraz, ikusentzunezko narratiba oso landua dago eta plano ezberdinen bitartez, aktoreen bitartez eta gidoi on batekin oso ondo egituratuta dagoen istorioa kontatzea lortu dute zuzendariek.
Niretzat, gaueko lanik onena (fizkio arloan) Sintonía (Jose Mari Goenaga) izan zen. Goenagak aurkeztutako lan honek amodioaz hitz egiten du, baina oso modu umoretsuan. Arriagako ikusle guztiok patxadaz egin genuen barre zinta honegaz. Gainera oso ondo grabatuta dago eta ekoizpen arloan lan handia egon dela argi dago (lokalizazioak kotxeekin errepidean egin ziren). Soinua eta irudia: oso onak.
Bostgarrena dokumentala izan zen: Benidorm Benidorm (Juan Aizpitarte eta Ixiar Garcia). Dokumental honetan, turismo gune erraldoi horri buruzko iritzi ezberdinak jaso dira. Turistak, langileak, enpresariak, bertoko biztanleak, arkitektoak... eta abarreko pertsonen iritziak zein bizipenak ikus zitezkeen. Soinua nahiko kaxkarra izan zen eta dokumentala, agian, luzeegia. Kuriosidade moduan esan behar dut lan hau Copyleft lizentziarekin egin dela.
Dokumental arloan lanik onena seigarrena izan zen: Infrahabitante (Javier Aspiazu eta Carlos Idirin). Zintak, etxebizitzen egoera kaxkarra zalatzen du. Bilbo Zaharreko txapitula batean bizi den gizon baten egoera kontatzen digu dokumentalak. Oso lan ona eta aldi berean xinplea.
Azken-aurreko lana dokumentala izan zen ere: La Matanza, Borja Berroztegieta Basauritarrarena. Jendeari ez zitzaion asko gustatu, agian desatsegina eta apur bat gogorra izan zelako holako lan bat afaltzeko orduan ikustea. Zintan, txerri baten hilketa osoa aurkezten metal musika gogorra entzuten den bitartean. Nahiko jebia izan zen, baina gustatu egin zitzaidan.
Azkeneko lana, zortzigarrena alegia, animaziozkoa izan zen: Txintxeta (Eider Eibar eta Carmen Gonzalez). Marrazkiek 2D eta 3D konbinatzen zituzten eta nahiko atseginak eta bitxiak ziren... hala eta guztiz ere, istorioa nahiko xinplea eta leloa izan zen: txintxeta baten bidai sinbolikoa hiri batean zehar. Gehiago espero nuen.
Beno, ba hori izan zen atzo ikusi egin nuena. Ordu erdi barru berriro hurbilduko naiz Arriagara zine gehiago ikustera (iujuuu!!) eta bihar gehiago komentatuko dizuet... gehiago eta hobeto! Agur!!
Comentarios (0) - Referencias (0)
