Negu Gorriak taldearen historia eta bestelakoak DVD batean jasota
Ibai Barrios - 12-12-2005 22:53:24 | Categoria: Musika
Irunen (Gipuzkoa) 1990. urtean Fermin eta Iñigo Muguruza anaiek eta Kaki Arkarazok sorturiko talde mitikoak DVD bat kaleratu dute orain dela gutxi, non bertan taldearen historia, kontzertuak nahiz bestelako bitxikeriak aurkituko ditzakegu. Esan bezala, taldea aipatutako lau hiru pertsonek sortu zuten, baina geroago batu zitzaizkien Mikel Kazalis zarauztarra (Estigia, Anestesia, 2 Kate), gaur egun Kuraia taldeko baxularia dena eta bestetik Mikel Abrego andoaindarra, BAP!!!, Nacion Reixa, Fermin Muguruzaren bakarkako ibilbidean nahiz Anari taldeeetan ezaguna izan dena bateriajole moduan eta gaur egun Andoaingo Garate estudioetan lan egiten duena.
DVDan denetarik aurki dezakegu, Radio Rahim taldearen lehenengo bideoklipatik hasita, Anaitasunan 92an emandako kontzertu oroigarritik pasatuz, eta taldearen historian hain garrantzitsuak izan ziren bi kontzertutik pasatuz: Oiartzungo Hitz Egin kanpaina ospatzeko jaialdi erraldoia, 95. urrian ospatua Esan Ozenki zigiluko (gaur egungo Metak izenez ezagutzen dena) hainbat taldeekin batera eta taldearen azken lau kontzertuak 2001. otsailean, Galindo koronelarekin zuten auzia irabazi baitzutelako.
Baina taldearen historian denak ez dira momentu onak izan. Hasteko, Galindo koronelak 1995. urtean bertan taldeari isun bat jarri zion "Ustelkeria" izeneko abestiagatik, non bertan taldeak koronel famatuaren pasadizo bat kontatzen zuen. Isuna 15 milioikoa izan zen, eta taldeak egoerari aurre egiteko Hitz Egin kanpaina sortu zuen. Bertan, Euskal Herriko musikari, musika talde zein kolektibo politiko askok taldeari euren elkartasuna adierazi zieten. Kanpaina taldeak eginiko "Ideia Zabaldu TOUR 95"-ren barnean gauzatuz joan zen eta ekimen hau Oiartzunen urte bereko urriaren 28an Esan Ozenki zigiluaren barnean zeuden taldeekin egindako jaialdi erraldoi batean bukatu egin zen. Azkenik, taldea 1996. urteko abenduan desegin zen eta Iruneko Bertso-Hop diska eta liburu dendan emandako azken prentsaurrekoan ziotenez, Galindoren auzia irabaztea lortzen bazuten, amaiera kontzertua emateko agindua eman zuten euren jarraitzaile nahiz elkartasuna adierazi zietenei eskerrak emateko.
Eta hala izan zen. Taldeak Galindoren aurkako auzia irabazi zuen eta agindutako kontzertuak eman zituen "Geurea da garaipena" lemapean. Jendearen eskaera handia izan zela eta, taldeak prestatutako bi kontzertuei bat gehitu zioten 2001. urteko otsailean, oso arrakastatsuak izan zirenak.
Azkenik, esan beharra dago talde honek zeresan handia eman zuela Euskal Herrian nahiz kanpoan eta urrats handia ere utzi zuela denon artean. DVDa ikusi ez baduzue, hemendik gomendatzen dizuet ikus dezazuen, pena merezi du eta talde handi honen historian sakontzeko. Nota bezala, 9 bat emago nioke, nire ustez abesti batzuk falta baitira, baina diseinuaren aldetik aipatu behar da oso txukuna gelditu egin dela.
Comentarios (0) - Referencias (0)
