Axa Mixa: haurrentzako saio berria Tas-Tas irrati librean
Jon Antolin Txarroalde - 22-01-2006 11:46:12 | Categoria: Albisteak
Bilboko Tas-Tas irrati libreak umeei zuzendutako saio berria estreinatu du: Axa Mixa. Lehenengo emisioa urtarrilaren 10ean izan zen goizeko 8:00etatik 8:30tara. Ordu erdiko programa berri hau astelehenetik ostiralera emititzen da Bilboko 97 FMuhin piratan. Tas-Tas irrati libretik haurren parte-hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Hori dela eta, saioa zabaltzeko hainbat eskolei parte-hartzea eskeini egin zieten. Programari egin daitezkeen aportazioak, adibidez: asmakizunak, olerki laburrak, bertsoak, abestiak, aho-korapiloak, ipuin laburrak...
Tas-Tas-ek jakinarazi duenez, Axa Mixa-ren helburu nagusia euskara eta "kulturen aniztasuna bultzatzea" da. Jakina den bezala, Tas-Tas irratiak euskaraz eta erderaz emititzen du. Beraz, programa berri hau gehien batez euskeraz izango den arren, gauza batzuk gaztelaniaz egingo direla aitortu dute Bilboko emisoratik. Erabaki hau horrela arrazoitu dute Tas-Tas irratikoek: "gauza batzuk gaztelaniaz egingo ditugu, gurasoek ulertzeko eta A ereduan ikasten duten ikasleek ere parte har dezaten".
Horrez gain, haur etorkinekin bat egitea garrantzitsua iruditzen zaie Axa Mixako kideei eta, horregatik, beste hizkuntza batzuetan ere agurtuko dute egunero: arabieraz, amazighez, lingalaz, aymaraz, wolof, chineraz, frantsesez, ingelesez, italieraz...
Programa honekin haurrek irrati komertzialetik aldentzeko txanda izango dute eta txikitatik komunikabide libre eta alternatiboak ezagutzeko aukera polita ere.
Comentarios (0) - Referencias (0)
